Hasiera » Proiektuak » Hizkuntza Normalizazioa

Hizkuntza Normalizazioa

2023-2024 IKASTURTEA

Hizkuntz Normalizazioko gaiak jorratzeko elkartu dira lanbide heziketako Bizkaiko zentroak  (2023/11/17)

Hizkuntza Normalizazioa Harrobia IkastolaBizkaiko hainbat zentrotako hizkuntz-normalizazioko dinamizatzaileak Zornotzan elkartu dira ikasturteko erronkei heltzeko asmotan. Landutako gaiak izan dira, besteak beste, euskararen eguna edo enpresa egonaldietan euskararen presentzia sustatzeko elkarlana Ahize erakundearekin.

 

 

 

 

 

 

Hizkelan jardunaldiak antolatu ditu Jakinbaik Gipuzkoako Goierrin (2023/10/17)

Genero berdintasunaUrriaren 17an egin da Hizkelan jardunaldia Ordiziako Goierri Eskolan eta bertan izan da Harrobiako hizkuntz normalizazioko dinamizatzailea. Jardunaldian lanbide heziketan euskararen presentzia sustatzeko esperientziak elkartrukatzeaz gain, ikasmateriala sortzeko baliabide digitalei buruzko aurkezpena ere jasotzeko parada izan dute bertaratutakoek.

 

 

2022-2023 IKASTURTEA

Bizkaiko euskalgintzaren topaketak Euskalduna jauregian (2023/03/22)

Genero berdintasunaAzaroko topaketari segida emanez, euskalgintzan diharduten Bizkaiko eragileak lan-saioa izan dute Euskalduna jauregian. Aurreko topaketan hizpide izan zituzten saretzea eta gazteen aisialdia garatu dituzte oraingo saioan.

 

Harrobiako ikasleak lan merkatuaren euskarazko bitartekaritzan murgildu dira (2023/03/15)

Genero berdintasunaHarrobian izan da Rober Gutierrez, Bai euskarari erakundearen zuzendaria, goi mailako hiru zikloetako ikasleei Lansarean webgunearen berri emateko. Goizean zehar emandako hiru saiotan lan eskaintzak nola kontsultatu, curriculuma nola igo eta enpresetara nola bidali, oposaketei buruzko informazioa nola eskuratu eta, oro har, euskal hiztunak lan merkatuan sartzeko baliabide baten berri emen zaie Harrobiako ikasleei.

Elkartrukea Baionako Etxepare Lizeoaren eta Harrobia ikastolaren artean (2023/01/20)

Genero berdintasuna

Urtarrileko hiru egun aprobetxatu dituzte Etxepare Lizeoko Merkataritza zikloko eta Harrobiako Marketin zikloko bigarren mailako ikasleek elkarren berri izateko, elkarlanean jarduteko eta bata bestearen zentroak ezagutzeko. Astelehenetik asteazkenera egin diete bisita elkarri hango eta hemengo ikasleek; hiru egun horietan Elkartenet, Birziklanet, Euskal moneta edo Studio Waaz bezalako proiektuak ezagutzeko parada izan dute, eta elkarlan saio bat ere egin dute. Lerro hauetatik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Baionako lagunei eta etorkizunean elkarlanerako espazioak topatuko ditugulakoan gaude.

Bizkaiko euskalgintzaren topaketak Bizkaia frontoian (2022/11/24)

Genero berdintasunaEuskalgintzan diharduten hainbat eragile elkartu dira Bizkaia frontoian euskalgintzak dituen erronkei buruz hitz egiteko. Bukaeran, eta Euskaraldia abian dela aprobetxaturik, argazkia egin dute bertan parte hartu duten eragileetako ordezkari guztiek.

 

Eskola hiztun bila jardunaldiak egin dira Gasteizen (2022/11/08)

Genero berdintasunaEskoletan hizkuntzaren normalizazioa sustatzeko jardunaldiak antolatu dira Gasteizen. Jardunaldiek Ulibarri egitasmoan parte hartzen duten zentroen bilgunea da eta Eskola Hiztun Bila izena hartzen du. Aurtengo edizioan ideia nagusi bat azpimarratu badaiteke, hori irakasle guztiok hizkuntza irakasle gara izan da.

 

Gasteizen antolatu dira aurtengo Hizkelan jardunaldiak (2022/11/08)

Genero berdintasuna

Urriaren 18an antolatu zituen Jakinbai erakundeak lanbide heziketan euskararen normalizaziorako jardunaldiak Mendizabala institutuan. Jardunaldian praktikaldiari, praktika onei eta, oro har, lanbide heziketan euskarari espazioak zabaltzeko abaguneak zabaltzeari buruz hitz egin zen.

Harrobian izan dira Euskaraldiko lagunak aurtengo edizioaren berri ikasleei ematen (2022/10/13)

Genero berdintasuna

Hilaren 13an izan dira ikastolan Euskaraldiko kideak azaroaren 18tik abenduaren 2ra arte egingo den euskara sustatzeko esperimentu soziologikoan parte hartzera animatuz. Hirugarren edizio honetan Belarriprest eta Ahobiziek Ariguneetan libre arituko dira euskaraz berriro ere. Horrez gain, ikastolan txapak jasotzeko gune izango da hirugarren edizio honetan ere. Izena eman eta parte hartu!

Harrobiak Bai euskarari ziurtagiria berritu du (2022/10/04)

Genero berdintasuna

Harrobia ikastolak, hizkuntzaren normalizazioan egindako bidearen beste urrats bat eman du eta zerbitzua euskaraz kategorian Bai euskarari ziurtagiria berritu du.

2021-2022 IKASTURTEA

Harrobiak ere bere hondar alea jarri du Ibilaldian (2022/05/29)

Hizkuntz normalizazioa

Harrobiako Marketin eta Kiroleko ikasle eta irakasle talde batek parte hartu zuen Abusuko ikastolak antolatutako Ibilaldian txosna batean lagunduz. Bide batez, aukera hau aprobetxatu nahi dugu Abusuko ikastolako lagunei zorionak emateko antolatutako egunagatik. Zorionak guztioi!

 

Harrobia presente egonda Herri Urratsean (2022/05/19)

Genero berdintasuna

Iparraldeko ikastolek Senpereko lakuan antolatu ohi duen Herri Urrats jaialdaren aurtengo edizioan stand bat jarri dute Harrobiatik sortutako Elkartetek elkarteko lagunek. Beraien proiektua Txikilinux softwarea Iparraldeko ikastoletan zabaltzea izan da.

 

Harrobiak parte hartu du Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen Euskara Bizia batzordean (2022/05/16)

Hizkuntz normalizazioaa

Maiatzaren 12an ospatu zen Bilboko Euskalduna Jauregian, euskara sustatzeko egitasmoaren baitan, Euskara Bizia batzordearen bilera. Batzarrean Bizkaia osoko hizkuntz teknikariak elkartu ziren, gazteen artean euskara nola bultzatu aztertu zutenak.

 

Enpresa egonaldietan euskara sustatzen duten enpresekin batera, Harrobia lagun (2022/05/14)

Genero berdintasunaLehenengo bilera egin dute Beitxu eta Curves enpresek Harrobiako jendearekin, ikasleek enpresetan egiten dituzten praktikaldietan euskararen presentzia handitze aldera. Hiru izan dira egitasmoan parte hartzen ari diren enpresak, bi sektoretakoak, kirolekoak eta 3D animazioa eta errealitate birtualekoak.

Bilera maiatzaren 19an egin zen eta zein dokumentazio euskaratu behar den, nola egin eta Bizkaiko Diputazioaren aurrean eskatutako diru-laguntza nola zuritu izan zuten hizpide.

 

 

Euskara Teknikarien Udaltop jardunaldiak egin dira Lasarten  (2022/05/13)

Genero berdintasunaMaiatzaren 12an eta 13an Lasarten antolatu dira Udaltop jardunaldiak, euskalgintzan diharduten teknikariak elkartzen dituena. Jardunaldiaren gaia Eskolak bakarrik ezin adu… Zer eta nola egin behar dugu udalerrian gazteekin hizkuntza-politika egokia antolatzeko?, eta izenburu horren azpian, bi egunez, gazteen artean erabilera sustatzeko gakoak luze eta zabal aztertzen izan dira, hala nola, eskolaz kanpoko jardueretan euskara sustatzeko gakoak (kirolean, batez ere). Harrobiatik streaming bitartez eta interes handiz jarraitu dugu jardunaldia.

 

 Nuclear Corps bideojokoa Vigoko ETIV sarietan lehiatu da  (2022/05/09)

Genero berdintasunaVigoko unibertsitateak antolatzen dituen ETIV sarietan izan da Nuclear Corps bideojokoa, Harrobian garatutako jokoa hain zuzen ere.

Nuclear Corps, “Euskerazko bideojokorik onena” atalean nominatuta zegoen. Nahiz eta saria ez irabazi, Harrobia Ikastola oso harro dago Nuclear Corps bideojokoak euskara mundu mailara eramateko ahaleginarekin. Izatez, Playstation plataforman bideojoko bat argitaratzea lan eskerga bada ere, jokoak beraien hizkuntzen artean euskera beste erronka txikia ere bada, garrantzitsua, gainera; izan ere, Playstationek ez du onartzen euskera jokoaren hizkuntz nagusi bezala.

Nuclear Corps mundu osoko edozein PS4 eta PS5 kontsoletan jolastu eta deskargatu daiteke eta honek euskera mundu mailara zabaltzen du. Euskararen normalizazioaren urrats txiki bat bada ere, horra Harrobia Ikastolaren ekimena.

Informazio gehiago: http://premios.etiv.webs.

Harrobiak Hizkuntz Normalizazio plana diseinatu du datozen lau urteetarako (2022/05/03)

Genero berdintasuna2022-2026 urteetarako Hizkuntz Normalizazio Plana diseinatu du Harrobiak, euskararen normalizazioan urratsak ematen jarraitzeko asmoz. Ikasleen artean euskaraz gehiago hitz egitea, enpresa egonaldietan euskararen presentzia areagotzea, laneko prestakuntza-ikastaroetan euskarari abaguneak eskaintzea, Harrobiako komunitateak euskaraz bizitzeko hautu kolektiboa egin duela ezagutzera ematea eta hornitzaileekiko harremanetan euskarari espazio handiagoa ematea izango dira planaren ildo nagusiak.

Harrobia ikastola, Bime Pro streaming tailerraren antolatzaile (2021/10/29)

Genero berdintasunaStreaming-a gaur egungo merkatuan dagoen arrakasta profesionala lortzeko lehian, pertsonok zein enpresek gure burua nabarmentzeko erabili dezakegun tresna eraginkorra dugu. Harrobia ikastolako Marketing eta 3Dko ikasleek teknologia berriak dakartzaten nabarmentze profesional horren abantai hori bereganatzea dugu helburu. Horretarako, bilboko Euskalduna jauregian, Last Tour, Game Erauntsia eta Azkue Fundazioarekin batera Streaming-a egiten irakasten duen tailerra antolatu dugu.

Urriaren 29-n izan den Bime Pro teknologia berriak sustatzen dituen ekitaldearen kontextuaren barne.

BIME PRO bezalako nazioarteko ekitaldi batera euskera eraman nahi izan dugu, tailerra euskeraz burutu dugu eta. Euskera, gazteak, balioak eta hauen presentzia Interneten garrantzia emanez. Saioa borobiltzeko, Yogurinha Borova Harrobiako ikasle ohia dena, inspirazio eredu izan dugu, bere sexualitatea, moda eta musika elkartzen dituen proiektu transmediaren berri eman digularik.

 

 

Eskola hiztun bila jardunaldiak egin dira Donostian  (2021/10/28)

Hizkuntza NormalkuntzaStreaming bitartez jarraitu ahal izan dira Eskola Hiztun Bila jardunaldien 2021eko edizioa. Bi eguneko jardunaldiak urriaren 27an eta 28an egin ziren Donostiako Kursaal aretoan eta Ulibarri programaren 25. urteurrena izan dute ardatz. Hainbat gai izan dira hizpide, besteak beste, ikasle eleanitzen heziketari dagozkienak eta gai horiei buruz Jim Cummins, Torontoko unibertsitateko irakaslea; Joaquim Dolz, Genevako unibertsitateko irakaslea; Avel i Flors-Mas, Bartzelonako unibertsitateko irakaslea; Fernando Ramallo, Vigoko unibertsitateko irakaslea bezalako pertsonak aritu dira solasean. Ondorio bezala, hizkuntzen trataera integratua ikasgelan ikasleen errealitate soziolinguistiko eleanitzetik abiatu behar dela esan daiteke. Lanbide heziketari dagokionez, ingurune eleanitz baterako prestatu behar ditu ikasleak, bide horretan euskarak ezin du errefrentzialtasunik galdu; baina gizartean ere eleaniztasun hori beharrezkoa da (lan-merkatuan barne), ekosistema eleanitza izango bada.

 

Hizkelan jardunaldiak antolatu dituzte Laneki-Jakinbaik eta Bidebietako institutuak (2021/10/19)

Hizkuntza NormalkuntzaBizkaiak antolatu du aurtengo Hizkelan jardunaldia, lanbide heziketan euskararen normalkuntza jorratzen duena. Jardunaldia urriaren 19an antolatu zen Basauriko institutuan, baina streaming bitartez jarraitu ahal izan dute Elkarte Autonomoko hainbat ikas-zentrok. Jardunaldian digitalizazioa, gamifikazioa, lanbide heziketa duala eta euskararen kudeaketa ETHAZI bezalako metodologan bezalako gaiak landu dira.

 

 

Telematikoki bildu dira Hizkuntz Normalizazioan diharduten Bizkaiko lanbide heziketako zentroak (2021/09/21)

Hizkuntza NormalkuntzaIrailaren 21ean bildu dira telematikoki Ulibarri egitasmoan esku hartzen duten Bizkaiko zentroak. Bileran urteko plana, lanbide heziketaren erronkak edo Hizkelan jardunaldiak izan dute hizketagai. Erronkane artean argi geratu da praktikaldian euskararen presentzia sustatzea, ikasleen artean mintzamena suspertzea edo euskara-tituluak ateratzeko aukera eskaintzea lan-ildo nagusietakoak direla lanbide heziketan.

 

Ikasturteko lehenengo bilera egin dute Berritzegune 02ren babespean dauden Hizkuntz Normalizazioako Arduradun Teknikoek (2021/09/15)

Hizkuntza NormalkuntzaIgaroi den irailaren 15ean bildu dira, Txurdinagako Berritzegunean, Ulibarri egitasmoan parte hartzen duten Bilboko hainbat zentro. Bileran 21-22 ikasturterako erronkak izan dituzte hizpide, hala nola, lau urteko plana edo euskararen erabileraren neurketa.

2020-2021 IKASTURTEA

 

Praktikaldian euskararen erabilera sustatzeko focus group bi antolatu dira Harrobian (2021/06/10)

Hizkuntza NormalkuntzaPrakiketara, dualean edo lehen aukera egitasmoaren barruan enpresetara doazen ikasleek enpresetan euskaraz egiteko aukera zabaldu nahian, Harrobiak focus group batzuk antolatu ditu enpresa batzuekin, praktika onak eta aukerak antzemateko asmoz. Bi saio egin dira eta bertan 7 enpresak hartu dute parte. Nabarmentzekoa izan da enpresek erakutsitako prestutasuna gaiarekiko.

Udaltop jardunaldiak ospatu dira telematikoki (2021/05/06)

Hizkuntza NormalkuntzaEAEko udaletako hizkuntz teknikariak biltzen dituen Udaltop jardunaldiak izan dira maiatzaren 5ean eta 6an, eta telematikoki jarraitu ahal izan dira. Harrobia, nola ez, presente egonda jardunaldiotan. Bi egun horietan mintzagai izan da euskara sustatzea lan-eremuan, eta bertan aipatu diren ideia nagusiak hona ekarri nahi ditugu, esaterako Hizkuntza Politikarako Sailbiruordea den Miren Dobaranek esandakoak: “Euskaraldiari esker, elikagaien markak jabetu dira euskaraz komunikatzearen balio erantsiaz”; “arreta euskaraz demandatzen ez duenak ere ez luke onartuko euskal hiztunari euskaraz arretarik ez ematea”; “enpresan euskara erabiltzeko espazioak antolatzea ona da enpresaren beraren lehiakortasunerako, langileen motibaziorako eta talentoa erakartzeko edo fidelizatzeko”; “oraingo gazte askok, lan elkarrizketetan, berdintasun-planari eta euskara-planari buruzko galderak egiten dituzte”; “onartezina da hezkuntza sisteman euskara norbereganatzea eta, lan-mundura heldutakoan, galtzea”. Edo Joan Pujolar Cos Calatunyako Universitat Obertako katedradunak esandakoak: “arlo ekonomikoan zerbitizazioa nagusitzen ari da industriaren aldean, eta zerbitzu sektorearen ardatza komunikazioa da”; “produktu bat bertako hizkuntzara egokitzeak balio erantsi bat ematen dio produktu horri”; “zaila da harremanak sortu diren hizkuntza hori aldatzea, lehengo hitza euskaraz egiten bada, errezago mantenduko da harreman hori euskaraz”; “lan-inguruneak lagundu diezaioke erdararen aldeko hautua egin duen ikasle bati euskararen aldeko hautua egiten, beti eta konpetentzia linguistikoa baldin badauka”; “langileak trebetasunak menderatzen dituelako irrika izan beharko luke, besteak beste, trebetasun linguistikoa”. Baita Laneki-Jakinbaiko arduraduna den Olatz Imazek adierazitakoak ere: “Lanbide Heziketako eta enpresen arteko elkarreragitea izan da EAEko lanbide heziketaren arrakastarako gakoa”; “berebiziko garrantzia du enpresetan instruktore euskal hiztunak jartzea”. Bukatzeko, Azpeitiko euskara Patronatuko Zuzendaria den Patxi Saez Belokik adierazitako ideia: “oraingo belaunaldia inoizko belaunaldi prestatuenak eta euskaldunena da”.

 

EAEko hainbat irakaslek Odoo kudeaketa programa ikasteari ekin diote (2021/03/18)

Hizkuntza NormalkuntzaElkarte Autonomoko hainbat irakasle Odoo ikastaro bat egiten hasi dira Bergarako Miguel Altuna zentroan, Kodesyntax erakundearen eskutik. Odoo enpresak kudeatzeko programa bat da , kudeaketa integrala eskaintzen duena  eta software librean garatuta dago. Hala, kontabilitatetik hasita, bezeroen edo proiektuen jarraipena egiteko aukera ematen du, nominak, fakturazioa eta abar luze bat eskaintzen du. Horrekin batera, lantalde bat aplikazioa euskaratzeko lanean dihardu, oraindik orain ez baitago antzeko aplikaziorik euskaraz.

 

 

Bertsotan jardun dute Informatikako ikasleak Elorri bertso eskolaren eskutik (2021/02/01)

Hizkuntza NormalizazioaDeustuko Elorri bertso eskolako Maite eta Ander Harrobia ikastolan izan dira Bertso berriak lanaldiari jarriak erronkan laguntzeko. Erronka Mikroinformatika Sistemak eta Sareak zikloko bigarren mailako ikasleekin egin da, oraingoz, eta bertso doinuez jantzi dituzte Gizarte Segurantza, desenplegua, Nominak eta kontratazioa bezalako gaiak. Giro paregabean, bertsotan izan dira bertsolariak eta ikasleak. Mila esker Ander eta Maite, oso ondo pasatu dugu eta!

 

 

Euskararen eguna Harrobia ikastolan (2020/12/03)

Hizkuntza NormalkuntzaUrtero bezala, abenduaren 3an ere euskararen eguna ospatu dugu Harrobian. Euskararen egunak urteko 365 egunak baldin badira ere, aurtengo edizioak aukera eman digu aztertzeko euskarak nolako balioa eransten dion Informatika eta Komunikazioen Teknologiari, industria sortzaileei, Kirola eta Egokitzapen Fisikoari eta Marketina eta Publizitateari. Hartara, gure artean izan dira Dabid Martinez, Didaktiker enpresako marketin arduraduna eta informatikako ikasle ohia; Patri Espinar, palako munduko txapelduna eta mendiko gida; Aitor Larrazabal, Athleticeko jokalari ohia eta entrenatzailea; eta Jone Landaluze, Dibulitoon enpresako salmenta-buru eta produktore exekutiboa. Zin zinez eskertzen diegu guztiei emandako testigantza eta benetan interesgarriak kontatu dizkiguten gauzak.

 

Euskaraldirako prestaketa-lanak hasi dira Harrobian (2020/11/12)

Hizkuntza NormalizazioaEuskaraldiaren aurtengo ediziorako atontze-lanak hasi dira Harrobia ikastolaren instalazioetan. Lehenengo eta behin, 4 arigune izendatu eta beroriek identifikatzeko ikurrak jarri dira; guneak Zuzendaritza, idazkaritza, orientatzailearen bulegoa eta irakasle gela dira. Datozen egunetan hainbat euskarri informatibotan izango gara Euskaraldiaren berri ematen. Animo eta parte hartu!

 

 

Euskaraldian parte hartzeko txapak eskuragarri Harrobia ikastolan (2020/11/12)

Hizkuntza NormalizazioaHarrobia ikastola izango da, Euskaraldiaren aurtengo edizioan ere, Ahobizi eta Belarri prest txapen banaketa-puntua. Txapak idazkaritzan daude dagoeneko; beraz, nahi duzuenean, izena eman Euskaraldian eta jaso zure Ahobizi edo Belarriprest identifikagarria!

 

 

 

 

 

Zabalik dago Euskaraldian izena emateko epea (2020/11/05)

Hizkuntza NormalizazioaDagoeneko izena eman daiteke Euskaraldiaren 2020ko edizioan. Egitasmoa Euskal Herri osoan egiten den esperimentu soziologiko bat da, euskararen erabilera sustatu nahi duena. Egitasmoaren xedea euskal hiztunen artean ohiturak aldatzea da, euskararen aldeko hautua egin dezaten. Aurtengo edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko da, eta beronen berrikuntza nagusia Ariguneen presentzia izango da, hots, euskal hiztunentzako arnasguneak, non euskal hiztunek beraien hizkuntz hautua libreki erabaki ahal izango duten.

On-line izan dira aurtengo Hizkelan jardunaldiak (2020/10/20)

Hizkuntza NormalizazioaBirusak birus, aurten ere Hizkelan jardunaldiak egin dira; hori bai, oraingoan on-line izan da saioa. Hizkelan lanbide heziketan euskararen presentzia normalizatzeari buruzko jardunaldiak izaki, hainbat zentroren proiektuak partekatu ziren, dela praktikak nola kudeatu, dela euskararen presentzia nola bermatu, dela hizkuntz eskubideak errespetatzera nola behartu. Aipamen berezia merezi du Andoni Egañak egindako ekarpena, egun ahozko hizkuntzak protagonismoa berreskuratu duen gizarte honetan, eskolak nola landu behar duen komunikazioa izan du hizpide.

Harrobia ikastolak bere Hizkuntz Normalizaziorako urteko plana aurkeztu du Ulibarri egitasmoaren baitan (2020/09/30)

Hizkuntza NormalkuntzaIrailean zehar euskara sustatzeko plana garatu eta gero, plan hori bera aurkeztu du Harrobia ikastolak Hezkuntza Sailaren mende dagoen Ulibarri egitasmoaren baitan. Planean ohiko jarduerez gain (praktikaldia, erabilera neurtzea eta sustatzea, C1 titulua eskuratzea…), erronka berriak ere azaldu dira, hala nola, Euskaraldiaren bigarren edizioa, euskaraz garatutako proiektu berriak, ikasmaterialaren sorkuntza eta antzekoak.


Bizkaiko lanbide heziketako zentroek euskararen normalizazioari buruzko lehenengo koordinazio-bilera egin dute (2020/09/29)

Hizkuntza NormalkuntzaIkasturteari hasiera emateko asmoz, Ulibarri egitasmoan parte hartzen duten zentroek koordinazio-bilera egin dute telematikoki. Bileran Laneki-Jakinbai-ko lagunek euskarazko ikasmaterial sortu berria eta ikasturterako proposamen-eskaerak egiteko epea zabaltzen delako berria aurkezteaz gain, 2020-2021 ikasturterako erronkei buruz aritu ziren bertaratuak.

Harrobia ikastolako irakasle eta langileek Egunean Behin lehiaketan parte hartzeko taldea sortu dute  (2020/09/28)

Hizkuntza NormalkuntzaHarrobia ikastolako komunitateak bat egin du Codesyntax-ek abiatutako Egunean Behin lehiaketarekin, euskararen normalizazioaren bidean beste urrats bat emateko asmoz. Lehiaketa sakelekoan deskargatzen den aplikazio bat da, non leihakideak egunera galdera sorta bat erantzun behar duen.

 

Ulibarri egitasmoko lehenengo bilera egin da Txurdinagako Berritzegunean (2020/09/16)

Hizkuntza NormalkuntzaUrtero legez, hasiera eman zaio zentroetan Hizkuntz Normalizazioa xedetzat duen Ulibarri egitasmoari. Bilera presentziala Txurdinagako Berritzegunean egin zen pasa den irailaren 16an; bertan aurtengo erronkak eta urteko plana izan ziren hizpide.

 

 

 

 

 

2019-2020 IKASTURTEA

Telelanarekin jarraituz, Bizkaian eta Lanbide Heziketan Hizkuntz Normalizazioan diharduten zentroak bildu dira (2020/05/26)

Hizkuntza NormalizazioaPasaden maiatzaren 26an, asteartearekin, Bizkaian Ulibarri egitasmoan parte hartzen duten lanbide heziketako zentroak bildu dira, lanbide heziketaren berezko kontuak jorratzeko, besteak beste, Euskaraldia, ikasmaterialaren sorkuntza, praktikak euskaraz egitea sustatzea edo 2020-2021erako erronkak. Zentroez gain, Jakinbaiko arduraduna den Olatz Imazek ere parte hartu du.

 

 

Harrobiak 4 arigune identifikatu ditu Euskaraldiaren hurrengo ediziorako (2020/05/12)

Hizkuntza NormalizazioaHarrobiak Euskaraldiaren 2020ko edizioan parte hartzeko konpromisoa berretsi du eta prestatzeari ekin egin dio. Aurtengo berrikuntza nagusia, ondo bidean jakina, ariguneak egotea da, hau da, euskal hiztunentzako arnasguneak, non euskaraz egin ahal izango duelako bermea izango duen. Harrobia ikastolak identifikatu dituen ariguneak izango dira, Irakasle gela, Idazkaritza, Zuzendaritza eta Orientazioa; hortaz horietako 3 ikastolako partaideei zuzendura daude, baina idazkaritzan kanpoko zein barruko pertsonak hartuko dituzte.

 

Koronabirusa dela eta Harrobiak sortutako bideoak ikusgai Jakinbai plataforman (2020/02/20)

Hizkuntza NormalizazioaCOVID-19 dela eta, eskolak modu birtualean emateko asmoz, Lan Orientabidea eta Prestakuntza mintegiko kideak diren Txabi del Corte eta Nerea Goirigolzarrik bideo sorta bat prestatu dute, lan-merkatuan coronabirusaren ondorioak arintzeko Gobernuak hartu dituen neurriak azalduz. Aipatutako bideoetan telelana zertan datzan, ERE eta ERTEak zer diren, FOGASA zer den, langabezia kobratzeko baldintzak eta autonomoentzako neurri berriak zertan diren aztertzen dira. Bideoak euskarazko ikasmaterialaren sorkuntzan diharduen JAKINBAI plataformaren esku jarri dira, Lan Orientabidea eta Prestakuntza ikasgaia ematen duen irakasle orok erabil ditzan.

Bizkaiko Lan bide Heziketako zentroek Arigunea sortu dute (2020/02/11)

Hizkuntza NormalizazioaHizkuntz Normalizazioan diharduten Bizkaiko Lanbide Heziketako zentroek bat egin dute Euskaraldiaren bigarren edizioarekin eta Arigune bat sortzea erabaki zuten otsailaren 11n egindako koordinazio bileran.

Euskaraldiaren aurreko edizioan Ahobizi eta Belarriprest aritu ziren rolak ez ezik, 2020ko udazkenean egingo den Euskaraldian Ariguneak ere egongo dira; ariguneak euskaraz eroso egiteko espazioak dira, non euskaldunak berme osoa duen euskaraz espresatzeko.

Modu honetan Bizkaiko zentroek beste urrats bat eman nahi dute euskararen normalizazioan, eta, nola ez, Euskaraldiarekin. Zertan esanik ez, Harrobia Ikastola presente egon zen!



C1 mailako euskara ikastaroa Harrobia Ikastolan (2020/01/15)

Hizkuntza NormalizazioaHarrobia Ikastolan ekainera arte luzatuko den 120 ordutako euskara ikastaro ofiziala eta homologatua  hasi egin da. Informatikako 3 ikasle, Egokitzapen Fisikoko 2 ikasle eta Marketina eta Publizitateko beste 2 izena eman dute C1 mailako euskara azterketak prestatzeko.

Prestakuntza ikastaro honetan hainbat kontu lantzen dira, besteak beste, azterketaren prozedura, mekanika eta arreta berezia eskatzen duten atalak. On-line bidez eginiko ekintzak ere badaude.

 

 

Eskola hiztun bila jardunaldiak egin dira Euskal Herriko Unibertsitatearen Bilboko aretoan  (2019/10/23)

Hizkuntza NormalizazioaBilbon ospatu da Hizkuntz Normalizazioari buruzko jardunaldia. Jardunaldian ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko esperientziak elkar trukatu dira, Euskal Herrian ez ezik, Galiziako iniziatibaren bat ere entzuteko parada izan zuten bertaratuek, eta, beraien artean, Harrobiako Hizkuntz Normalizazioko Arduradun Teknikoak ere.

 

 

Euskara lanbide heziketan eta lan-munduan sustatzeko jardunaldiak antolatu ditu Egibide zentroak Gasteizen (2019/10/15)

Hizkuntza NormalizazioaUrtero bezala, lan-munduan eta Lanbide Heziketan euskararen presentzia areagotzeko Hizkelan jardunaldia egin da Gasteizen Jakinbairen eskutik; oraingo honetan Egibide zentroari egokitu zaio antolatzeko ardura. Jardunaldiotan teknologia nola erabili eta sareak nola sortu izan dira hizpide. Bertan izan zen Harrobiako Hizkuntz Normalizazioko Arduradun Teknikoa.

 

Lanbide Heziketan euskara normalizatzeko ikasturteko lehenengo bilera egin dute Bizkaiko hainbat zentrok (2019/09/24)

Hizkuntza NormalizazioaAurreko bi urteetan bezalaxe, Lanbide heziketan diharduten zentroak elkarlanari ekin diote Bizkaian euskararen normalizazioan urratsak emateko. Horren adibide igaro berri den irailaren 24an Zornotzan egindako bilera. Bertan ikasturte honetarako erronkei errepasoa eman zitzaien, baita Hezkuntza Sailaren dekretu berriari eta Jakinbai ikasmaterialaren sorkuntzari ere.

 

Hizkuntz Normalizazioko lehenengo koordinazio bilera egin da Txurdinagako Berritzegunean (2019/09/19)

Hizkuntza NormalizazioaUrtero bezala, Harrobiak Hizkuntz Normalizazioan lanean diharduten zentroak biltzen dituen Ulibarri programan parte hartuko du aurten ere. Egitasmo horri dagokion lehenengo koordinazio-bilera irailaren 19an egin da. Harrobiak euskara lau haizeetara zabaltzeko erronkari heldu dio beste behin ere!

 

2018-2019 IKASTURTEA

Harrobiako ikasleentzat euskara ikastaroa bukatu da (2019/06/25)

Hizkuntza Normalizazioa

Gaur bukatu da 120 ordutako euskara ikastaro ofiziala eta homologatua. Izena eman zuten Kirola eta 3D goi mailetako zikloetako 8 ikasleek C1 mailako euskara azterketak (EGA eta HABE 3. maila) prestatu dituzte eta erdi mailako biek B2. Prestakuntza ikastaro honetan hainbat kontu lantzen dira, besteak beste, azterketaren prozedura, mekanika, eta arreta berezia eskatzen duten atalak. On-line bidez eginiko ekintzak ere badaude.

 

 

2020ko Ibilaldia Elorrioko Txintxirri Ikastolan (2019/06/21)

Hizkuntza Normalizazioa

Dakigunez, Ibilaldia edizio bakoitzean ikastola desberdin batek antolatzen duen jaia da. Oraingo honetan, 2020ko maiatzaren 31n ospatuko da Elorrioko Txintxirri Ikastolan, eta familia zein lagunekin euskaraz ospatzeko eguna izatea nahiko genuke, ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabalduz.

 

 

Korrika 2019 (2019/04/12)

Hizkuntza Normalizazioa

Atzo Harrobia Ikastolak Korrikan parte hartu zuen. Ikastolan beroketaK egin ondoren, ikastolako ikasle eta langileak Korrikara parte hartzera joan giñen, gure kilometroa egitera. Primerako eguna izan zen!

 

 

 

“SWB2019” tailer praktikoak Informatikako zikloaren eskutik (2019/03/27)

Hizkuntza Normalizazioa

Gaur Informatikako Ziklotik “SWB2019” tailer praktikoak eskaintzen hasi gara Zunzunegui ikastetxeko DBH 4. mailako ikasleei. Proiektuaren xedea euskarazko software librea sustatzea Bizkaiko ikasleen artean da.
Gaurkoan primeran ibili gara Zunzunegui ikastetxean, eskerrik asko bertan egon zareten guztioi eta bereziki Jaime Perez irakasleari.

 

 

Harrobiako ikasleak euskararen aitzindari lan-munduan (2019/02/18)

Hizkuntza NormalizazioaGauza jakina da oraindik bide luzea dagoela egiteke lan-mundua euskalduntzeko. Harrobiak, baina, bere ekarpen xumea egin nahi izan du betidanik eta, aurten ere, praktiketara joan diren ikasleek praktikaldia euskaraz egiteko urratsak eman ditu. Zentzu horretan, praktiketako ikasleak hartuko dituzten 65 enpresetatik %20n praktikak euskaraz izango dira, %17n ele bitan eta %65n gazteleraz. Horrez gain, nahi duten ikasleek hizkuntza gaitasunaren berri ematen duen identifikazio-txartela eramango dute, edo beraien lan-mahaian txartel identifikatibo bat izango dute. Hala, euskaldunen artean elkar identifikatzea errazagoa izango da. Bestalde, Marketin sektoreko ikasleek egindako ikerketaren arabera, enpresek 6,8 puntuko balioa ematen diote euskaraz jakiteari, ingelesa, alemaniera edo frantsesaren aurretik.

 

 

 

Bilbao balioak martxan lehiaketaren ideia irabazlea (2019/02/07)

Hizkuntza NormalizazioaHarrobia ikastolako MSS (Mikroinformatika Sistemak eta Sareak) 2.mailako ikasleek Bilboko udaletxeko Gazte balioak martxan saria jaso zuten #SWB2018 proiektua zarituz. Izatez,
3000 euro jaso du proiektuak eta ikasleen artean banatu dugu erdia baino gehiago, azaroak 8an Harrobian egindako ekitaldian, bertara, udaletxeko arduradunak, gurasoak eta nola ez ikasleak etorri ziren.
Atzo Bilboko udaletxekoek ekitaldi propioa antolatuko zuten arratsaldeko 18:30etan bilboko euskal museoan proiektuak saritzeko.

 

 

Harrobiako ikasleentzat euskara ikastaroa hasi da (2019/01/09)

Hizkuntza NormalizazioaUrtarrilaren 8an (asteartea), ekainera arte luzatuko den 120 ordutako euskara ikastaro ofiziala eta homologatua arratsaldean hasi zen. Izena eman duten kirola eta 3D goi mailetako zikloetako 8 ikasleek C1 mailako euskara azterketak (EGA eta HABE 3. maila) prestatuko dituzte eta erdi mailako biek B2. Prestakuntza ikastaro honetan hainbat kontu lantzen dira, besteak beste, azterketaren prozedura, mekanika, eta arreta berezia eskatzen duten atalak. On-line bidez eginiko ekintzak ere badaude.

 

 

 

Euskararen eguna ospatu dugu Harrobia Ikastolan (2018/12/05)

Hizkuntza NormalizazioaAbenduaren 3an (astelehena), euskararen eguna ospatu genuen Harrobia Ikastolan. Heziketa ziklo guztietako taldeak areto nagusian bildu ziren eta zortziko taldeetan dinamika pare bat egin zituzten Euskaraldia gai nagusia izanik. Ordubeteko saioari amaiera eman genion Amets Arzallus bertsolariari egindako elkarrizketan bere buruari egiten dion galderari: hamabigarren egunean zer gertatuko da?


2018-2019 ikasturteari hasiera eman dio Hizkuntz Normaliazioaren Lanbide Heziketako foroak (2018/10/22)

Hizkuntza Normalizazioa

2018-2019 ikasturteari hasiera eman dio Hizkuntz Normaliazioaren Lanbide Heziketako foroak. Pasa den urriaren 16an, Iurretako Institutuan Ulibarri egitasmoan parte hartzen duten Lanbide Heziketako zentroak elkartu ziren aurtengo erronkei buruzko hausnarketa egiteko. Bertan, besteak beste, Lantokiko Prestakuntzan euskararen presentzia areagotzearen, Euskaraldiaren zenbait testigantzaren eta EHUk eta Soziolinguistika Klusterrak abiatutako proiektu baten berri eman zuten. Jardunaldia laburtu behar bada, esan beharra dago adostasun osoa dagoela euskarak Lanbide Heziketara salto emateko; edo, hobeto esan, Lanbide Heziketak euskaran murgiltzeko. Ekin diezaiogun, bada!

Euskaraldia ekimena aurkeztu da Harrobia Ikastolan (2018/10/08)

Hizkuntza NormalizazioaAzaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldia Harrobia Ikastolan aurkeztu zen urriaren 2an, asteartearekin. Ekimena Euskaraldiaren Bilboko arduradunek aurkeztu zuten eta bertan bi figura nabarmendu zituzten: Ahobizi eta Belarriprest; nork bere rola hautatu beharko du eta hamaika egunez rol hori jokatu, uneoro euskaraz egin, edo euskaldun hartzaile izan, labur esanda. Ekimenaren asmoa euskaraz hitz egiteko ohiturak aldatzea da eta, bide batez, euskara gehiago entzutea kaleetan. Antolatzaileek esan zutenez, oraindik hasi eta Euskaraldia egin bitartean, hainbat sentsibilizazio ekitaldi egingo dira iniziatibaren berri emateko. Animatu eta eman izena Euskaraldian, epea dagoeneko zabalik dago eta!

Ulibarri ikastetxeen hizkuntza normalkuntzaren gaineko programa da. 1996-1997 ikasturtean ipini zen martxan eta une honetan 400 ikastetxe inguru dira programan parte hartzen ari direnak. ULIBARRI programan sartutako ikastetxeek euskararen erabilera eta kalitatea indartzeko egiten dituzten ahaleginak berariaz babestuko ditu Hezkuntza Sailak. Ahal den neurrian, horrezaz gainera, euskararen erabilera zabaldu eta sendotzeko ekimenak baloratzeko irizpideetan lehentasuna emango zaie ikastetxe horiei. ULIBARRI programako ikastetxeen hizkuntza normalkuntzako proiektuek euskararen erabilera indartzea dutenez helburu nagusi, programan sartu nahi duten ikastetxeek, hortaz, beren hizkuntza normalkuntzako proiektua eratu beharko dute.

Proiektu honen inguruan zalantzak edota iritziak adierazteko:

Txabi del Corte: txabi@harrobia.net

BIKAIN!

Kaixo!
Laguntzarik nahi?
Kaixo! Ez zaitez zalantzekin geratu, laguntzeko prest gaude.