Goratu programaren bitartez aisialdirako aukerak landu dituzte Harrobiako ikasleek

Goratu programaren bitartez aisialdirako aukerak landu dituzte Harrobiako ikasleek

Azaroaren 6an eta 7an, Gorabideko Marije, Javi eta Agurtzane Harrobiara etorri dira adimen desgaitasuna duten pertsonentzako aisialdirako aukerak eskaintzen dizkien Goratu programa aurkeztera.

Heziketa zikloetako talde guztiek ordu beteko saioan dinamika ezberdinak landu dituzte aisialdiak duen garrantziaz hausnarketa egiteko. Bideoen bitartez programaren parte-hartzaileen esperientziak ezagutzeaz gain ikasle bakoitzak bere zaletasunak azaltzeko aukera izan du. Errealitate ezberdin bat ikusi dute ikasleek jarrera ezin hobea adieraziz. Ea norbait boluntario izatera animatzen den!

Marketineko ikasleek Beldur Barik lehiaketan parte hartzen ari dira

Beldur Barik programa lantzen ari gara Harrobiako ikasleekin

Emakundek antolatutako Beldur Barik programan oinarrituz genero indarkeriari buruzko 3 ordutako saioa egin da Kirola, 3D eta Informatika zikloetan. Gaia bideoen bidez aurkeztu ondoren ikasleen ikuspuntua eta bizipenak taldean landu dira. Pasadan ikasturtean bezala, Marketineko ikasleek lehiaketan parte hartuko dute. Ostiralean lanak aurkezteko epea bukatzen da eta hurrengo astean honen berri emango dizuegu.

Kiroleko ikasleak hasi dira jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria sustatzeko banakako planak egiten

Kiroleko ikasleak hasi dira jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria sustatzeko banakako planak egiten

Agenda 21en baitan ohitura osasungarriak sustatzeko ordua heldu zaie kiroleko zikloko ikasleei. Hori dela eta, beraien burua boluntario agertu duten guztiei plangintza indibidualizatuak prestatuko dizkiete. Plangintza horretan pisua, gantza kopurua eta beste hainbat aldagai neurtu ondoren, bezeroari aholku batzuk emango zaizkio, bai jarduera fisikoari dagokionez, bai elikadurari dagokionez. Bost astetan zehar talde bakoitza  bere bezeroarekin bilduko da astean behin proposatutako ekintzen jarraipena egiteko eta bukaeran emaitzak ebaluatuko dituzte.

Marketina zikloko ikasleak balioak jolasetan duten garrantziaz jardun dira Bizkaiko Urtxintxa Eskolakoekin

Marketina zikloko ikasleak balioak jolasetan duten garrantziaz jardun dira Bizkaiko Urtxintxa Eskolakoekin

Marketina zikloko bigarren mailako ikasleek mahai jolas bat sortzeko erronka dute datozen hilabeteetan. Jolas bat sortu aurreko merkatu azterketa, jolasa bera sortzea eta berau merkaturatzeko jarraitu beharreko pausuak landuko dituzte aurrerantzean.

Gaian murgiltzeko, Bizkaiko Urtxintxa Eskolako Nagore eta Idoia etorri zaizkigu Harrobia Ikastolara beraiek jolas sorkuntzan duten esperientzia kontatzera. Beraien ustetan, jolasa beharrizan bati erantzuteko sortzen da beti (haur, heldu zein hezitzaile). Jolasak errealitatearekin lotura izan behar du, erabilera-anitzekoa izan behar da eta parte-hartzaileen irudimena sustatu behar dute. Hau da, modu askotara jolasteko aukera eskaintzen dute eta ondorioz, jolasaren arauak ere partaideek etengabe moldatu ditzakete.

Honetaz gain, jendarte hobeago bat lortzeko xedearekin, beraiek sortutako jolasek honako balio hauek lantzen dituzte besteak beste; euskara eta inguruko hizkuntzen erabilera, kulturaniztasuna, hezkidetza eta ingurumenarekiko errespetua. Jolas eredu ezberdinak ikusteko aukera bikaina. Eskerrik asko!

Kaixo!
Laguntzarik?
Kaixo! Laguntzen zaitugu? Ez geratu dudekin, laguntzeko gaude.