Harrobia Ikastolako Kirol eta Marketin arloetako ikasleek Txirrika Herri Kirolak Kluba bisitatu dute, Bilboko Txurdinagako kiroldegian. Bisita honi esker, ikasleek proiektu berritzaile bat bertatik bertara ezagutzeko eta ikasgelan landutako ezagutzak benetako ingurune profesional batean aplikatzeko aukera izan dute.
Kirol arloko ikasleak fitness areto bat diseinatzeko proiektuan murgilduta daude. Txirrikako instalazioak ezagutzeak ideia berriak jasotzeko eta herri kirolak zein fitnessa uztartzen dituen espazio berritzaile batean inspiratzeko aukera eman die.
Bestalde, Marketineko ikasleek, sortu berri dituzten marketin-agentzien bidez, Txirrikaren ikusgarritasuna handitzeko eta klubaren jarduera ezagutarazteko marketin- eta publizitate-estrategiak garatuko dituzte.
Elkarlan honek bi arloetako ikasleei benetako proiektu batean parte hartzeko aukera eskaintzen die, sormena, berrikuntza eta ikaskuntza praktikoa sustatuz.
Eskerrik asko Inhar eta Josebari, herri kirolak eta fitnessa uztartzen dituen proiektu berritzaile hau ezagutzeko aukera emateagatik!
Harrobian, ikasgelatik harago doan ikaskuntzaren alde egiten jarraitzen dugu.
