Harrobia ikastolako goi mailako kirol eta erdi mailako informatikako ikasleok abian jarri nahi dugun ekintza baten berri eman nahi dizuegu: “URRATS BAT BIODIBERTSITATEAREN ALDE”. Biodibertsitatea gero eta okerrago zaintzen dugula salatu nahian, irakasle eta ikasleoi ekimen bat egitea bururatu zaigu eta zuen laguntzak bultzada handia emango digulakoan gaude.
Jakin badakigu ingurunea ez dagoela batere ondo, nahikoa da begiak zabaltzea zikinkeria eta kontsumismoz betetako gizarte batean bizi garela konturatzeko. Gure bizilekua zaintzea ahaztu dugulakoan, kutsadura gutxitzeko zer edo zer egin beharrean gaude; beraz, bideo bat grabatzea bururatu zaigu; bertan, nominatua izan den pertsona ingururako ekintza onuragarri bat egiten agertuko da; askoz jota, 20 segundoko grabazioa izan beharko da. Ondoren, facebook-era igo eta beste bi pertsona nominatuak izango dira, eta antzerako akzio bat egin beharko dute, erantsita bidaltzen dizugun dokumentuan azalduta agertzen den bezala. Bideoetan biodibertsitatearen aldeko urrats txikiak agertu beharko dira. Hona hemen adibide batzuk: Txabi, Liher & Irene, Gontzal & Jon, Iker.
Gure esperantza Alboko esklerosi amiotrofikoa-ren aldeko “ICE BUCKET CHALLENGE” mugimenduaren antzeko sona lortzea da. Proiektu hau aurrera eramateak ilusio handia egingo liguke eta zuen informazio-iturrietan artikulu honen berri ematea ikaragarrizko laguntza izango litzake. Honetaz ahalik eta jende gehien ohartaraztea da gure helburua.
Gure proposamen hau zuen interesekoa izango delakoan, ekimen honetan parte hartzera animatzen zaituztegu. Eskerrik asko!

Kaixo!
Laguntzarik nahi?
Kaixo! Ez zaitez zalantzekin geratu, laguntzeko prest gaude.