Irailaren 12an, asteazkenarekin, Harrobiako bigarren mailako ikasleak eta irakasle batzuk BEC-era joan ziren Eusko Jaurlaritzak antolatutako Emprende 2012 azokara.
Heldu bezain laster hitzaldi interesgarri bat entzuteko eta ikusteko parada izan genuen; gaia: gaitasun pertsonalak. Hitzaldia Victor Kuppers izeneko irakasle eta aholkulari batek eman zuen. Zinez interesgarria. Izan ere, ekintzaile izateko jarrera proaktiboa izan behar dugula ikasi genuen, aitzaki-maitzaki dabiltzanek etorkizun eskasa dutela, negarrontziek porrot egiten dutela, arazoei aurre egin behar zaiela, azken batean.
Ondoren, azkenengo urtean sortutako enpresek atondutako stand-ak ikusi genituen: huraxe mugimendua! Ideiak sortzaileak ziren oso, “magoen fabrikatik” hasi eta kirolarientzako dieta bereziak prestatzen zituenarekin bukatu arte. Arlo askotako enpresak ziren, asko eta asko informatikakoak, e-learninga, ERPak, Software librea, Android, e-commerce… Kiroleko zenbait ere baziren, mendi-ibilbideak antolatzen zituen enpresa bat esaterako.
Orain gure txanda da, badakigu nolako jarrera eduki, badakigu norengana jo… ideia on bat besterik ez zaigu falta!