Cork Erasmus +, Marketineko ikaslea

by | Mai. 11, 2026 | Erasmus

Erasmus + Diaries 1

Kaixo denoi! Duela gutxi hasi nuen nire Erasmus esperientzia Corken, Irlandan. Klima Euskal Herrikoaren oso antzekoa da, bueno, egia esanda askoz hotzagoa, baina Bilbon baino euri gutxiago egiten duela esango nuke. Hiriaren kanpoaldeko pisu batean bizi naiz beste bost lagunekin eta, egunero autobusa hartu behar dut. Irlandako busak ez dira oso onak eta Bizkaibusa faltan botatzen ari naiz. Nire praktikak Rebel City Distillery enpresan egiten ari naiz. Distileria honek ginebra, vodka eta absenta ekoizten ditu, eta ni marketin lanetan nabil erabat murgilduta. Egunero WordPress, Meta Business suite, Mailchimp eta Canva bezalako tresnekin egiten dut lan, diseinuak sortzen eta kanpainak kudeatzen. Laneko kideak oso jatorrak dira eta asko ikasten ari naiz eta oso gustura nago. Ordutegi oso ona daukat, 11:00etatik 16:00etara, eta horrek aukera ematen dit lan mundua eta aisialdia ezin hobeto uztartzeko. Alde pertsonalean, esperientzia ahaztezina izaten ari da. Martxoaren 11n nire urtebetetzea ospatu nuen hemen, eta Limerick eta Cliffs of Moher bisitatu nituen. Jende asko ezagutu dut, eta Ingelesa praktikatzea zaila egiten ari zait, hemen erdaldun asko daudelako, baina benetan pila bat, esango nuke biztanleria osoaren %25-a erderaz hitz egiten dutela. Hemengo ohiturak ere bitxiak dira: goizeko 12etan bazkaldu, 17:00etan afaldu eta denda guztiak 19:00etarako itxita daude. Parranda ere goiz amaitzen da, goizeko 02:00etan, baina martxa handia dago! Oro har, oso pozik nago esperientzarekin. Zailtasun bakarra hotza izan da, baina inguruneak, lanak eta ezagutzen ari naizen jendeak merezi dute. Asko ikasten ari naiz eta ziur nago hilabete hauek nire bizitzako onenetarikoak izango direla.

Erasmus + Diaries 2

Egun on guztioi! Corken daramadan denbora aurrera doa eta, egia esan, hiri honetan etxean bezala sentitzen hasia naiz. Udaberria iristearekin batera, eguzki izpi batzuk ikusteko zortea izan dugu eta horrek bizitasun handia ematen dio hirian zehar egiten dudan eguneroko ibilbideari. Laneko erritmoa handitu egin da, baina horrek asko lagundu dit nire konfiantza hobetzen eta ingurune profesionalean hobeto moldatzen. Lanari dagokionez, hilabete hau oso emankorra izan da. Nire kabuz proiektu garrantzitsu bat garatu dut: “Gin and Cheese tasting experience”. Ekitaldi honen diseinu osoa nire ardura izan da, erreserba plataformatik hasi eta sustapen materialetaraino. Gainera, ardura berriak hartu ditut, Finlandiako eta Espainiako praktikako ikasle berriei formazioa ematen lagundu baitut. Oso pozgarria da enpresak niregan konfiantza duela ikustea, bai tourretan laguntzeko, baita proiektu berriak proposatzeko orduan ere. Hilabeteko une bereziena, zalantzarik gabe, Cork Business Association Awards ekitaldian parte hartzea izan da. Gure Maharani ginebra babeslea zenez, markaren ordezkari gisa joan nintzen hiriko sari-banaketa dotorenera. Bertan, bezeroekin harremanetan egon nintzen edariak zerbitzatzen eta gure produktua ezagutzera ematen. Esperientzia zoragarria izan zen networking-a egiteko eta mundu korporatiboa barrutik ezagutzeko; oso harro sentitu nintzen nire lana horrelako ekitaldi batean erakusteaz.

Erasmus + Diaries 3

Dagoeneko amaierara iristen ari naiz. Corken igarotako hilabete hauek hegan pasatu dira, eta bi aste besterik falta ez direnean, sentipen gazi-gozoak ditut. Alde batetik, pena handia ematen dit nire eguneroko bizitza berri hau, Rebel City Distillery-ko lankideak eta hemen ezagutu ditudan lagunak agurtzeak. Baina, bestetik, aitortu behar dut gogo handia daukadala etxera itzultzeko, familia eta lagunak besarkatzeko eta, batez ere, amak prestatzen duen janari goxo hori berriro dastatzeko! Lan arloan, hilabete hau oso bizia izan da. Amazon UK-rako diseinuak egiten, “Gin and Cheese” ekitaldia martxan jartzen eta “Cork on a Fork” jaialdirako dena prestatzen aritu naiz. Atzera begiratzen dudanean, harritu egiten naiz zenbat ikasi dudan: marketin tresnak erabiltzen, proiektuak hutsetik sortzen eta ingurune profesional batean segurtasunez mugitzen. Rebel City Distillery-k niregan jarri duen konfiantza izan da niretzat oparirik handiena. Baina, lanetik harago, hazkunde pertsonala izan da garrantzitsuena. Esperientzia hau bakarra iruditu zait eta, nire ustez, mundu guztiak bizi beharko lukeen zerbait da, derrigorrezkoa izan beharko litzateke. Bakarrik moldatzen ikasten duzu, erosotasun-eremutik ateratzen zara eta daukazun guztia gehiago baloratzen ikasten duzu. Munduaren ikuspegi zabalagoa eta irekiagoa eman dit Erasmus honek, eta orain helduagoa eta nire gaitasunetan konfiantza handiagoa duen pertsona naizela sentitzen dut. Irlandari agur esateko, datorren igandean Dublineko bidaia egingo dut. Hori izango da nire azken txangoa irla berde honetan, nire egonaldia borobiltzeko modu bikaina. Eskerrik asko Cork eta eskerrik asko Rebel City nire bizitzan inoiz ahaztuko ez dudan abentura hau eskaintzeagatik.

Pribatutasunaren laburpena
CPIFP Harrobia LHII

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zeure burua ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.

Behar-beharrezkoak diren cookieak

Behar-beharrezkoak diren cookieak beti aktibatu behar dira, zure cookie-doikuntzen lehentasunak gorde ahal izateko.

Hirugarrenen cookieak

Webgune honek Google Analytics, Meta Pixel erabiltzen du informazio anonimoa biltzeko, hala nola, webguneko bisitari kopurua, edo orrialde ezagunenak.

Cookie aktibo hau uzteak gure webgunea hobetzeko aukera ematen digu.