Marketina, Kirola eta Informatika zikloetako bigarren mailako ikasleek “Autodefentsa feminista eta maskulinitatea” gaiak jorratu dituzte 2 ordutako saio espezifiko batean. Urtxintxa Eskolako Ane eta Jonek dinamizatutako saioetan, talde bakoitzeko neska zein mutilekin honako kontzeptuak landu dira: harreman afektiboak, autodefentsa, genero-sistemak, indarkeria sexista eta gizon-ereduen eragina.
Prestakuntza honek aukera eman du gazteek euren esperientziak partekatzeko, zalantzak argitzeko eta eguneroko harremanetan sortzen diren egoerei ikuspegi kritiko eta berdinzalea emateko. Autodefentsa feministaren ikuspegia ez da soilik indarkeria matxistaren aurkako tresna gisa lantzen, baizik eta nesken ahalduntzea eta mutilek maskulinitate osasuntsu eta errespetuzkoak eraikitzeko beharra uztartzen dituen prozesu pedagogiko bat bezala.
Aurten, Harrobiako bigarren mailako ikasle bakoitzak 6 ordutako formazioa jaso du genero berdintasunaren balioetan. Heziketa jarraitu eta sistematiko honek ikastolaren konpromisoa berresten du: ikasle guztiak harreman parekideetan, errespetuan eta tratu onetan oinarritutako bizikidetza eraikitzeko tresnez hornitzea.
