Martxoaren 9an Laudio ikastolan hasitako SWBILDUMA2017 tailerrak maiatzak 26an bukatu zituzten Basauriko Uribarri BHIn proiektuaren arduraduna den Joseba Bilbaok eta Xarles Goitizek.
Sei urte pasa dira jada, hasierako “Software librea euskaraz” proiektuarekin hasi ginenetik eta aurtengo “SWBILDUMA2017” bertsioarekin, “Mikroinformatika Sistemak eta Sareak” erdi mailako heziketa zikloko ikasleen erabateko inplikazioa lortu dugu proiektua berea egin baitute. Inoiz baino harroago gaude ikasleek egin duten lanarekin; bereziki, Xarles Goitizek Bizkaiko ikastetxeetan zehar antolatu diren tailerretan eman dituen azalpenengatik eta Markel Oñate eta Ibon Alonso ikasleek proiektuan izan duten konpromisoagatik, Harrobia ikastolako leloa egia bihurtu baitute: “ekinez egina”.
Guztira, 21 hezkuntza zentro eta DBH 4. mailako 700 ikasle baino gehiagok parte hartu dute eta ikasleen zein irakasleen balorazioak oso onak izan dira. Laudio ikastola, Minas BHI, Aixerrota BHI, Kirikiño ikastola, Artaza Romo BHI, Andra Mari ikastola, Luis Briñas BHI, Larramendi ikastola, RM Azkue ikastola, Artxandape ikastola, Zubi zaharra ikastola, Eretza Barri BHI, Itxaropena ikastola, Erandio BHI, Aresketa ikastola, Urretxindorra ikastola, Eguzkibegi ikastola, Jado ikastetxea, Asti Leku ikastola, Gabriel Aresti BHI eta Uribarri BHI zentroetako ikasle zein irakasleei ESKERRIK ASKO!