ZORUTIK enpresa da aurten Harrobia Ikastolan lantzen ari den proiektu berrietako bat. Sustatzaileak Laura, Albaro, Hegoa eta Irati eta dira, eta udaberrirako enpresa martxan izatea espero dute. Euren esanetan, ZORUTIK proiektua familiei haurren hazkuntzarako laguntza eta tresna batzuk ematean datza; eta, bide batez, elkargune bat ere eskaintzen diete. Espazioa 0-3 urte bitarteko umeei zuzendua dago eta jarduera nagusia jolas- eta behaketa-taldeak sortzea eta dinamizatzea da. Hartara, espazioa haurrak modu autonomoan jolasteko prestatuta dago, eta helduek haurraren jarduera eta gaitasunak behatzeko ariketak egiten dituzte. Bidenabar, lehenengo haurtzaroarekin zerikusia duten gaiei buruz trebatzeko eta hausnartzeko elkarguneak sortzen dituzte.
Sustatzaileek 10 urte baino gehiagoko lan-eskarmentua daukate sektorean, eta beste gai batzuen artean, Emmi Pikler pediatraren eta Lóczy erakundearen ekarpenetan oinarritutako formazioetan parte hartu ohi dute. Ekarpen hauek Budapesten sortuak izan dira eta haurren hazkuntzarekin zerikusi zuzena dute. Budapesten bertan egindako ikastaro batean familiekin sortutako jolas-espazioa ezagutzeko parada izan zuten, eta ideia ona iruditu zitzaien espazio hori Euskal Herrira ekartzea. Hortaz, Arbizun, Bartzelonan edota Ekuadorren dauden antzeko espazio batzuk ezagutu eta gero, euren proposamen propioa garatu dute.
ZORUTIK proiektua kolektibo oso espezifikora zuzendua dago; beraz, beraien lehenengo helburuetako bat jarduera ezagutzera ematea izan da. Denbora gutxi daramaten arren, arian-arian badoaz bidea eginez. Orain arte beraiekin harremanetan jarri diren familiek oso harrera ona egin diete; gainera, jarduteko modu berritzailea denez, inguruko jendeak asko eta asko galdetzen omen die, eta proposamena ulertutakoan ideia oso interesgarria eta lagungarria izan daitekeela irizten dute. Izan ere, haur txikien hazkuntza prozesuak helduek egin dezaketen akonpainamenduaren gaineko hausnarketa egiten laguntzen dute, umearen autonomia eta zaintzak erdigunean kokatuz, eta horixe bera da ZORUTIK-en abantaila konpetitiboa.
Sustatzaileen esanetan, jolas eta behaketa taldeak martxan jarri zituztenetik gero eta familia gehiago ari da parte hartzen; beraz, ZORUTIK proiektua zabaltzen ari dela diote, batez ere, beraiekin dauden familien bitartez; gauzak horrela, epe labur eta ertainera kolektibo horretan gero eta ezagunagoak izatea eta talde gehiago sortzea espero dute.
Sustatzaile bezala izandako zailtasunei dagokienez, Iratik eta Hegoak adierazi dutenez, oztoporik handienak enpresa bera sortzeko kontuekin zerikusia dutenak izan dira, hots, haur txikiekin lanean eskarmentu handia dutela, baina enpresa sortzeari buruz ezer gutxi zekitela. Izan ere, alderdi asko hartu behar dira kontuan, eta, oraindik orain, gauza asko eta askori buruz informazioa eskuratu behar izaten dute eta trebatu behar dute. Hala ere, nahiz eta zailtasun batzuk izan, horretan ere asko ikasten ari direla diote, eta profesionalki ere hazteko aukera paregabea izaten ari da.
ZORUTIK enpresatik animatu nahi dute ideia bat duen edonori ideia hori martxan ipintzera. Proiektu bat aurrera ateratzen ez bada ere, prozesu horretan asko ikasten baita, bai maila profesionalean, bai maila pertsonalean, eta eskarmentu hori behin betirako da. Gainera, ideia bertan behera gera daitekeen arren beste aukera asko sortuko dira bidean. Horrez gain, hasiera-hasieratik pertsona askoren laguntza izaten da, eta harreman-sare bat sortzea oso aberasgarria da. ZORUTIKeko lagunen kasuan, esaterako pertsona askok eta askok beraiengan konfiantza dutela helarazi diete, eta modu askotara laguntzen diete, bakoitzak bere ekarpen xumea eginez ez bada ere.